
Saiek behi bat hil dutela salatu du abeltzain batek
Kortezubi Abeltaldearen jabeak azaldu du lauzpabost putreek barikutik zaurituta zegoen behia hil zutela.
MIREN KORTA
Sai talde batek behi bat erasotu zuten domekan Kortezubiko Eurtentze baserrian, Santimamiñetik Omararako bidean kokatuta dagoen zelaian, hain zuzen. Javi Garmendia, abeltaldearen jabeak, atzo salatu zuen gertatutakoa, «kezkatuta gaude, gero eta hegazti harrapari gehiago ikusten ditugulako inguruan».
Garmendiak asteburuan gertatutakoa argitzeko asmoa dauka, «behia zaurituta zegoen. Barikuan bere txahala zulo batera jausi zen eta bera atzetik joan zen lagundu nahian. Hankan mina hartu zuen eta handik aurrera etzanda ikusten nuen». Domekan, berriz, lauzpabost putrek erasotu zuten behia, hil arte. «Gorpuak zelaian jarraitzen du eta egunero hamar putre inguru hurbiltzen dira elikatzera».
Eurtentze baserriaren zelaian, behiaren gorpuaren ondoan, hildako putre bat ere badago. «Hainbeste datoz, astelehenean sai bat hegaz hasi eta burdinezko hesiagaz estropozu egin zuen», auzoko baserritar batek azaldu duenenez. Basondo auzoko bizilagunak inguruan gero eta harrapari gehiago dabiltzala esan dute. «Asteburuan gutxi gorabehera hamar edo hamabost putre izan dira inguruan. Sekula ez dugu hainbeste hegazti ikusi Kortezubin».
Basondoko fauna babeslekua
Eurtenetze baserritik metro gutxira Basondoko fauna babeslekua dago. Babeslekua Xabier Maiztegi Fundazioak zuzentzen du. Eskualdean desagertzeko arriskuan dauden beste animalia askoren artean, Basondoko kideek harrapari gaixoak zaintzen dituzte. «Gurean min hartuta dauden putreak jagoten ditugu eta guztira ez dute kolonia handia osatzen. Urtero, inguruan dabiltzaten espezieen zenbaketa egiten dugu eta, egia esan, momentuz ez dugu harraparien kopuruan aldaketarik antzeman», Itziar Maiztegi, Basondoko arduradunak azaldu duenez.
Putre gutxi, elikagai asko
Babeslekuko albaitariek hegazti harraparien hegaldiak antolatzen dituzte. «Gure helburua harrapariak duten sarraskijale mitoagaz apurtzea da. Orokorrean, putreek ez daukate zertan bizirik dauden animaliak erasotu behar». Hala ere, kasu jakin batzuetan, erasoak gerta daitezke, «abereek begibistakoa den zauri odoltsua daukatenean, saiak berera erakarri ditzakete. Batzutan ere, emeak erditu eta berehala egindako erasoak dokumentatu dira hemendik kanpo, plazentek banakoak erakarri ditzaketelako. Baina, egia esan, Busturialdean ez da taldeko erasorik eman oraindik. Ez da ohikoa harrapariek mota horretako erasoak egitea».
Kasu honetan, Javi Garmendia abeltzainaren testigantzak kontraesana suposatzen du. Abeltzainaren esanetan, «ez zen banakakoa behia erasotu zuena, lauzpabost hegaztien artean hil zuten». Busturialdean aurten salatu duten lehenbiziko kasua da domekan Eurtentze baserrian gertatutakoa. «Karrantzan arazoak dituzte putreen kolonia handia dutelako eta inguruan elikatzeko arazoak dituztelako. Horrek erasoak gertatzea errazten du, baina Busturialdeko egoera desberdina da. Gurean putre gutxi daude eta elikagai asko daukate gutxi horien artean banatzeko. Beraz, ulertezina iruditzen zait», Maiztegiren ustetan.
Busturialdean, eraso bakarra
Adituen iritziz, beraz, eskualdeko ezaugarriek erasoak saihesten dituzte. «Gainera, behi eroen gaitza agertu zenetik, legeak animalien gorpuak aire zabalean uztea debekatzen du eta abeltzainek lurperatzeko beharra dute. Hegaztiak gaixotasunaren eramaileak izan daitezkeelako», gaineratu du Basondoko arduradunak.
Jaiak
Gaztaņerre eguna
GAUTEGIZ, - 2008-10-12
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.